XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondoren, bere bidaiaren helburu bakarra Xariar bisitatzera abiatzeko eskatzea zela adierazi zion.

Xazaman erregek honela erantzun zuen:

- Haren agindu eta esanetara

Bidaia hartarako behar zuen guztia prestatu zuen: beharrezko denda, ganbelu eta mandoak atondu, eta zerbitzari eta laguntzaileek presta zitezela agindu.

Bidaian zebilen bitartean, bere bisirraren eskuetan jarri zuen erresumako agintea eta, besterik gabe, anaiaren lurretara egin asmo zuen bidaiari ekin zion.

Baina ez ziren horrela gertatu gauzak eta gauerdia iristean zerbait atzendu zitzaiola gogoratuz, berriro itzuli zen jauregira.

Iritsitakoan, emaztea beren ohean aurkitu zuen, esklabuen morroia zen beltz baten besoetan.

Hau ikustean, mundua beztu zitzaion begien aurrean eta esan zion bere buruari:

- Hau horrela gertatu bada nik hiria utzi eta berehala, nolakoa ote zitekeen emagaldu honen portaera nire anaiarekin denbora luzez hemendik kanpo nengoen bitartean?

Alfanjea zorrotik atera eta biei eraso egin zien, lepoa moztuz eta hilik utziz ohe gainean bertan.

Itzuli zen berriro lehengo lekura eta luzamendurik gabe abiatzeko agindua eman zuen, anaiaren hirira iritsi bitartean gelditu gabe jarraituz bideari.

Anaia asko poztu zen bestearen etorreraz eta harrera egitera irten zitzaion, bakearen eskaintzarekin agurtuz.

Poz handia sentitzen zuen eta pozaren pozez bere anaiaren omenez hiria apaintzeko agindu zuen.

Bere ondoan eseri eta berriketan hasi zen alaiki, baina Xazaman erregek ezin zezakeen ahantzi bere emaztearen abentura, eta tristura laino batek iluntzen zion kopeta.